KANPUSA
Lagun Onak Pilota Elkarteak antolatutako lehenengo kanpusak, uste baino arrakasta handiagoa izan du. Haurrak, gurasoak, monitoreak eta antolakuntzan aritu garen guztiak oso pozik gaude emaitzarekin.Lehenengo egunetik hasita gehienak lagunak edo ezagunak zirenez, giro ona sortzea ez da zaila izan. Ekintzek ere arrakasta nahikoa izan dute: Umeen balorazioak ikusita, Zesta punta eta Palan jokatzea asko gustatu zaie gehienei, eta nola ez, Belatxikitara joatea, Igerilekura, Lekeitiora,… Ekintzak ugariak izan dira eta denen gustokoak. Balorazioetan behintzat ez dute kontrakorik esan.
Arrigorriagako Arguia Pilota Eskolak antolatuko Kanpusekoekin batzeko aukera ere izan genuen. Autobus bat goraino bete eta Azpeitira eta Azkoitira joan ginen denak batera. Tren museoak zenbait kritika izan zituen arren, Azkoitiko pilotalekuetako geldi egon ezina ikusita, Gipuzkoara bidaiatzea merezi izan zuela argi geratu zen. Pilotaleku eta horma zati guztiak bete zituzten benetako pilotariak direla erakutsiz!
Proiektu hau guraso batzuen eskaeretatik sortu da, eta emaitzak ikusita aurrera jarraituko du. Printzipioz, udaleku itxia izaten jarraitzeko asmoa dugu, Lagun Onak Pilota Elkarteko pilotariei lehentasuna emanez. Denak ulertzeko modukoa da pilotalekua eremu txiki bat dela eta haur kopurua mugatua izan behar dela espazio aldetik; baita segurtasun aldetik ere. Hala ere, ahal den neurrian, pilotariak ez diren batzuk izan ditugu aurten eta aurrerantzean horrela izaten jarraitzeko aukera izatea gustatuko litzaiguke, jende berria ezagutu eta afizioa sortzeko. Datorren urteko antolaketan ikusiko da zenbat umek parte hartu ahal izango duten 2015. urteko kanpusean.
Datorren urterako ideia batzuk buruan ditugu dagoeneko. Hala ere, gurasoen balorazioak ikusita eta umeen gustoak kontuan hartuz, dena hobetzen saiatuko gara. Ekintza berriak izango ditugu eta errepikatuko diren ekintzak ere, hobetzeko asmoz programatuko dira.

No hay comentarios:
Publicar un comentario